John Eliot (politikaria)
Sir John Eliot (Saint Germans, Cornwall, 1592ko apirilaren 11 - Londres, 1632ko azaroaren 27a) Ingalaterrako politikaria izan zen.
Hizlari bikaina zen, eta paper guztiz garrantzitsua jokatu zuen Karlos I.a erregearen eta Parlamentuaren arteko liskarren garaian. Erregearen aurka jarduteagatik, kartzelan sartu zuten, eta bertan hil zen. Hil ondoren, Parlamentuaren aldeko martiri bihurtu zuten bere kideek.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1614. urtean hautatu zuten parlamentari lehenengoz, eta 1623an kartzelan egon zen sei hilabetez. 1624an berriro ere aukeratu zuten Parlamenturako eta Komunen Ganberako kideek hitz egiteko askatasunaren aldeko kanpaina bati ekin zion. 1627an preso hartu zuten bigarren aldiz, beste hirurogeita hamar lagunekin batera, erregeak ezarritako zerga berezien aurka azaltzeagatik. Kaleratu zutenean, 1628an, oposizioko buru bihurtu zen Parlamentuan, eta gogor aritu zen Ingalaterrako protestantismoaren alde, bertako gortean nahiko sartua zegoen Eliza Katolikoa nagusituko ote zen beldur. Tirabira askoren ondoren, erregeak, beste zortzi lagunekin batera atxilo hartu eta Londresko Dorrean itxi zuen.
Eliotek politika eta etikari buruzko liburu batzuk idatzi zituen bertan (An Apology for Socrates [Sokratesen apologia] eta The Monarchie of Man [Gizonaren monarkia], horien artean). Baina osasunez gero eta ahulago zegoela, tuberkulosiak jota hil zen Londresko Dorrean.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.